XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKALTZAINBURUAREN SARRERA HITZAK (*)Leioako XIII. Biltzarrean eztabaidarako banatu ziren batzordeen txostenen sarrera hitzak.

Biltzarkideak, agur!

Euskaltzaindiaren historian badira bi gertakari nagusi:

- Lehena, kanpora jalgitzea 1918-1919an, lehen aldikotz bildu zirelarik euskaltzainak Gipuzkoako Foru Aldundian 1919ko urriaren 7an.

- Bigarrena, Arantzazuko Biltzarrean, euskara batuaren kanpora jalgitzea 1968ko urriaren 3tik 5era.

Bi gertakari horien ospatzeko, biak elgarrekin, bigarrena lehenaren ondorioa izan baita urre-ezteikari, Euskaltzaindiak erabaki du deituko zituela biltzar nagusi batera XIII.a hain zuzen Euskal Herri osoan euskararen eta euskal kulturaren alorrean lanean ari direnak.

Hogeita bost urtez an egin da, euskara batua errotu da Euskal Herri guzian, euskal komunikabideak sortu dira, handitu, hedatu, euskal irakaskuntza indartu maila guzietan, unibertsitateak barne, eta denetarik etorri zaizkigu galdeak, euskara baturantzerako bide luze horretan urrats bat gehiago ematekoarenak.

Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako campusean ospatuko da, beraz, Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarra.

Horretara gomitatuak zarete eta horri buruz lanean ari izan dira Euskaltzaindiko batzordeak, hemen bertan dauzkagularik hauen emaitzak:

- Euskara Batuko batzordeak azken urteetan batasunerako emaniko gomendioak aurkeztuko dizkizue.

- Gramatika batzordeak bere proposamenak egiten ditu euskara batuari buruz, haien artean hitanozko formak.

Aldi berean azken urteetan hedatu diren erabilera okerrak bildu eta forma zuzenak zein diren adierazten dute.

- LEF batzordeak erator-atzizkien inguruko zalantza eta desbideratzeak aztertzen ditu.